Tripak arte eszenikoen euskal konpainiaren hirugarren ekoizpena da Platea. Pieza honetan, minaren eta urraduraren irudiak umoreak eta absurdoak zeharkatzen dituzte. Horiek, kanta polifonikoekin eta akordeoiaren eta biolinaren soinuekin batera ?klasikotik esperimentalera?, ikuspegi poetiko eta abstraktuak biltzen dituzte. Elebitan egindako lan honetan (euskara eta gaztelania), ikusleek mundu honetara iristen diren pertsonaiei lagunduko diete haien bidaian. Haiek erakutsiko dizkigute, egoera emozional arketipikoenen gainetik, gizakiaren alderdi ez hain nabarmenak. Gutxiespenarekiko beldurra, desobedientzia, manipulazio saiakerak, erridikulu sentsazioa edo adierazteko ezintasuna agertzen dira ikusleen aurrean, distirak bezala, antzezlanean zehar.
Sortzaileen esperientzia pertsonaletatik sortu da Platea, eta diziplinen arteko mugak hausten ditu, antzezpena, performancea eta musika ikuskizun berean bilduz.
Bitarteko existentziaren edo arimen trantsizio-egoeraren ideiatik abiatuta, Platean, oturuntza-mahai bat aurkezten zaigu, imajinatutako linbo baten irudikapen gisa, padurak dituen paisaia baten erdian. Mareen mugimenduak nabarmentzen du bizitzak eman eta hartzeko duen ahalmena, azalpenik edo heldulekurik aurkitu gabe. Jainko batek, zeremonia-maisu gisa, ongi etorria ematen die inguru aldakor horretara iristen diren gorpuei. Itsasoak eramanda, noraezean edo konorterik gabe iristen dira, naufragoak edo sirenak balira bezala; denek izan zituzten bizitza eta heriotza lehenago. Lekua azken ospakizunerako prestatuta dago, transmutazio nagusirako, baina, lehenago, beren aurreko borondateak bazterrean utzi beharko dituzte, oraindik ere entzuten baita haien oihartzuna.
Informazio gehiago: Tripak Kolektiboa.