THE WAR AND TREATY
The War and Treaty

The War and Treatyren musikak gospela eta countrya uztartzen ditu, baita soul, rock, bluegrass, folk eta poparen eraginak jaso ere. Bikote estatubatuar hau Tanya Trotterrek eta Michael Trotter Jr.k osatua da. 2010ean ezagutu zuten elkar, Tanya aktore eta R&B kantari gazte-gaztea zenean, Laurin Hill eta Whoopi Goldberrekin batera aritua, baina arrakasta handirik izatea lortu ez zuena; Michael, estatubatuar armadako beterano eta Irakeko gerran zauritua, han jabetu zen konposiziorako zuen talentuaz, gatazkaren erdian babes bila, Saddam Husseinen jauregi bateko piano abandonatu bat jotzen zuen bitartean. Estatu Batuetara itzultzean trauma osteko estresak jota zegoen, eta kantatzen eta pianoa jotzen jarraitu zuen terapia gisa eta bere sentimenduak prozesatzen laguntzeko.

Elkar maitemindu eta ezkondu egin ziren, eta 2014an sortu zuten The War and Treaty, beren bizipenak eta traumak abesti sendagarri eta inspiratzaileetan adierazteko. Emozioz gainezka egiten duten kantak dira, pertsonen arteko erredentzioa eta konexioa bilatzen dutenak, baita bizitzaren ospakizun bat ere, maitasunez eta itxaropenez josita baitaude.

Sortu zenetik, The War and Treatyk, Tanyak eta Michaelek, beren ahots superdohatuekin, hutsik gabe erakutsi dute zintzotasuna eta kalitatea, 5 disko argitaratu dituzte, bi aldiz aritu dira Etxe Zurian, askotan izan dira izendatuak baita sarituak ere, eta mundu osoko entzuleak liluratu dituzte beren kontzertu arranditsuetan, baita Rolling Stones, Zach Bryan, Al Green, Brandi Carlile, Chris Stapleton, Jason Isbell, John Legend, Lauren Daigle, Van Morrison... bezalako artisten kontzertuetan talde gonbidatua izan direnean ere.

Agertokian azaleratzen duten energiagatik eta interpretazioen bidez emozio sakonak transmititzeko duten gaitasunagatik goraipatuak, Ipar Amerikako senar-emazteen proposamen artistikoa ez da soilik musikaren kalitatean oinarritzen, baizik eta musikaren bidezko batasun eta sendatze mezu batean ere. Beren estiloa intentsitatez eta sentimenduz betea dago, eta soularen eta gospelaren artista handiekin alderatu da. Izan ere, Otis Redding, Aretha Franklin eta Ray Charles artisten indarra gogora ekartzen digute, generoak eta mugak gainditzen dituen ikuspegi moderno batekin hala ere.






Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago




© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic