Judith Hill (ahotsa, gitarra, pianoa), Peewee Hill (baxua), Michiko Hill (teklatuak, B3), Shadrack Oppong (bateria)
Judith Hill kantari, konpositore eta musika estatubatuar ezaguna da bai bere ahots ahalmentsuagatik, bai bere moldakortasunagatik soul, R&B, funk eta jazz eta rock bezalako generoetan, gospel eta blues eraginekin. Artista kaliforniarra 1984an jaio zen, musikari familia batean; ama pianista zuen eta aita baxista.
Bere talentuak Michael Jackson bezalako artista mitikoekin lan egitera eraman zuen; honekin This Is It biran parte hartu behar zuen 2009an hil aurretik. Hala, artista gailenen korista gisa lortu zuen ospea Hillek. Bestetik, parte hartze nabarmena izan zuen 20 Feet from Stardom (2013) dokumentalean: musikaren industrian koristen bizitza esploratzen duen lana, dokumental onenaren Oscar saria irabazitakoa. 2013an, arrakastaz parte hartu zuen The Voice telebista-programaren laugarren denboraldian, baina ez zuen lehiaketan irabazle izatea lortu.
Back in Time (2015) izan zen bere lehen diskoa, bere mentore eta kolaboratzaile Princek ekoitzia. Harrezkero beste hiru disko argitaratu ditu: Golden Child (2018), Baby, I'm Hollywood! (2021), Letters from a Black Widow (2024).
?Black Widow? (alargun beltza) ?bere azken diskoaren izenburu adierazgarria? sarritan Judith Hillekin lotu izan den terminoa da, bere ibilbidean eragin handiena izan zuten bi figura, Michael Jackson eta Prince, haiekin lanean ari zela hil zirelako. Zirkunstantzia hura modu sentsazionalistan tratatua izan da, eta narratiba bat sortu du bere historiaren inguruan, kalte handia egin diona eta gainditzea asko kostatu zaiona.
Ezbeharrak ezbehar, Judith Hillek estilo bereizgarri batekin jarraitu du musika sortzen, bere birtuosismo bokala eta hainbat instrumentutan (pianoa, gitarra eta baxua) duen trebetasuna letra sakonekin eta soinu retro eta modernoekin uztartuta. Estiloak konbinatzeko duen gaitasun horrek eta agertokian erakusten duen karismak miresmen handiko artista bihurtu dute musikaren industrian.