Tom Lizarazu (ahotsa, gitarra), Ruben Lizarralde (gitarra), Xabi Arrieta (bateria), Elba Azpillaga (teklatuak)
2019an, azkoitiar hauek Bulego taldea sortu zutenean, ziur aski ametsik baikorrenetan ere ez zuten imajinatuko 6 urtetan bakarrik lortuko zutela orain duten arrakasta.
Hasieratik, Bulegok poparen eta askatasunaren aldeko apustua egin zuen; jarrera moduko bat bizitzaren aurrean, eta beren musikaren oinarri ere bai. Popa, hainbeste aldiz eta hainbeste modutan baztertua eta kritikatua izan den generoa, barren-barrenetik sortzen zaie. Izan ere, popa egin eta aldarrikatu egiten dute. Genero musikalekiko dauden aurreiritziak lehengo kontua dira beren ustez. Horregatik, beren bulkadei eta gustuei jarraituta sortzen dituzte kantuak, sentimendua pizten dien horri leku eginez. Duten nahia da beren bidea egin eta gozamena eta bizi-gogoa ?goren unetan ez ezik lauetan ere? aldarrikatzea.
Taldean emandako sei urtetan 3 disko argitaratu dituzte gipuzkoar hauek. Jaialdi ugarietan aritu dira, tartean hauetan: Bilbo BBK Live, Sonorama, Muwi, EHZ Jaialdia, Donostia Festibala, Ezcafest; kontzertuak eman dituzte hainbat hiritan, tartean hauetan: Finlandia, Brusela, Lisboa, Paris, Madril, Bartzelona, Zaragoza, Galizia eta Asturias; eta 2025ean, San Frantziskon, Sacramenton, Boisen eta Los Angelesen izango dira jotzen.
Bulego irmotutako talde arrakastatsua da. Poparen aldeko apustua sendotu eta publikoaren arreta erakarri dute, halako nostalgia ukitua darion proposamen musikal freskoarekin, eta energiaz eta melodia kutsakorrez betearekin. Taldearen soinuak synth-pop eta musika elektronikoaren eraginak ditu. Beren letrek gai intimoak ez ezik, gai sozialak ere jorratzen dituzte; emozioei, harremanei eta identitatearen bilaketari buruzko gogoetak dira, eta horrek sakonetik konektatzen ditu jarraitzaile gazteekin.