Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak1996an eman zien hasiera Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko jarduerei. Egun hori ospatzeko lehen gala handik urtebetera antolatu zuen. Betiko bidetik, Dantzaren Nazioarteko Eguneko XXVIII. Galak dantza estilo sorta zabala erakutsiko du, dantzari eta konpainien lankidetza altruistari esker, eta bertako dantzari eta taldeen lana nabarmenduko du.
Besteak beste, honako hauek parte hartuko dute aurten: Ion Agirretxe, Cristina Casa, Alejandro Polo eta Gaizka Morales (horiek guztiak, Espainiako Dantza Konpainia Nazionalekoak), Mikel Arana, Uikan Dantza konpainia eta Real Conservatorio Profesional de Danza Mariemma.
Aurtengo saridunak nazioarteko Alberto Sagardia piano-jotzailea eta, artista errebelazio gisa, Gorka Duran dantzaria izango dira.