ATLANTIKALDIA 2024
Atlantikaldia
ATLANTIKALDIA
Atlantikaldia 2024
2024-09-17
Atlantikaldia jaialdiak musikaz eta kulturaz beteko du Errenteria irailaren 19tik 22ra. 'Artxipielagoak' lelopean, hamaikagarren edizioa izango du zikloak. Hain zuzen ere, 'hamaika' hitzaren esanahiari keinu bat eginez, aniztasuna aldarrikatuko du beste behin, hainbat herrialdetatik etorritako artisten lana erakutsiz.

Musika programazio interesgarria du aurten Atlantikaldiak, eta Queralt Lahoz nabarmentzen da. Jatorri granadarra duen artista katalan honek musika urbanoarekin uztartzen du flamenkoa, aldarrikapen mezuz betetako testuak biltzeko.

Ostegunean hasiko da jaialdia Cocanha, Lila Fraysse eta Caroline Dufauk osatutako bikote okzitaniar emakumezkoarekin, bere herriko sustrai kulturala eta eragin garaikideak uztartuz. Ahots-harmonia magikoak, hari-danborra eta panderoa lagun dituztela. Horiekin batera, Julen Achiary musikaria, munduan zehar egin dituen bidaietan euskal tradizioaren eta bereganatu dituen musikaren arteko zubiak eraikitzen jakin duena.

Bigarren jardunaldiak Latinoamerikako ikuspegitik musika aniztasuna ulertzeko beste modu bat erakutsiko du, Francisco, el Hombre brasildarren begiradaren bitartez. Mateo Piracés-Ugarte, Sebastián Piracés-Ugarte, Andrei Kozyree, Helena Papini eta Juliana Strassacapa musikariek osatzen duten taldeak erritmo latinoak, rocka, cumbia eta punka uztartzen ditu, pasioz eta konpromisoz betetako testuak biltzeko. Baita Esanezin talde euskaldunaren proposamen interesgarria ere, rocka, folka eta jazza nahasten baititu bere koktel-ontzian.

Larunbatean, jaialdiaren azken egunean, hiru proposamen interesgarri igoko dira oholtzara: La Txama, ‘corrido tumbado’ generoko lehen talde euskalduna, musika mexikar alaiaren eta dantzagarriaren formula indartsua aurkezten duena; Iseo & Dodosound bikote nafarra, elektronika eta dubaren konbinazioarekin, eta La Otra izeneko abeslari eta konpositorearen pop eta folk freskotasuna. Aparteko aipamena merezi du Sol Band hirukote palestinarrak, apirilean Gazatik ihes egin baitzuen bere herriko musika aberastasuna munduari erakusteko, gaur egungo soinuekin konbinatuta.

Ohiko moduan, lau gune nagusi izango ditu jaialdiak: oholtza nagusia izango den ‘Itsasargi Nagusia’; emanaldi intimoagoak eskainiko dituen ‘Herriko Plaza’; ‘Kalekaia’ artista urbanoentzako espazioa; eta ‘Herrixka’, jarduera parte hartzaileetarako gunea. Herrixka, halaber, gastrogune ere izango da bertan jarriko dituzten foodtrucketako eskaintza gastronomikoarekin.

Ez da faltako Herri Arte Eskolak Asturiasko 4 artistarekin martxoan egindako elkartrukearen emaitzaren taularatzea, ‘Asturiar konexioa’. Bi lurraldeetako elkar-hartzea burutuz musika, kantua eta dantzaz osaturiko emanaldia eskainiko da HAEko 50 ikasle eta irakasle baino gehiagok, Pola de Sieroko Laura Ruiz (ahotsa, panderoa eta dantza), Guille Perez (gaita), Nel Sanchez (akordeoi diatonikoa) eta Arsenio Ruiz (danborra) lagunekin batera.

 

Aipatu musika eta dantza emanaldiez gain, egitaraua osatuko dute poesiak, gastronomiak, haur nahiz helduentzako tailerrek, kirolak, bisita gidatuek, bertsolaritzak, dantzak… Berezitasun modura, ostegun goizean herriko ikastetxe guztietako LH4ko haurrek jaialdirako espresuki sortutako dantza pieza eskainiko dute Gernika Plazan ‘Atlantikaldia Dantzan’ izenburupean; ostiral arratsaldean berriz, ‘Begiradak’ proiektuaren markoan Idoia Lizeaga eta Marion Lemmenek elkarlanean sortuko duten “Itsas Puntua, Ikus Puntua” lore instalazioaren sorkuntza prozesua ikusi ahal izango da Erdiko kalean.


Errenteria biziz

Herriaz gozatu eta bertako txokoak ezagutzeko denbora-espazio aproposa ere bada Atlantikaldia. Hala adierazi du Maite Gartzia Kultura zinegotziak, eta hori sustatzeko adibide dira bisita gidatuak. Atlantikaldik irauten dituen 4 egunetan zehar egingo dira, euskaraz zein gaztelaniaz, haur eta helduentzat. Horien bidez ezagutu ahalko dituzte parte-hartzaileek, besteak beste, Alde Zaharrean kontserbatu den ondarea, bertan burututako lan eta aurkikuntza arkeologikoak, udalerriko emakume iraultzaileen ekarpena, eta Errenteriak 1845-1936 bitartean bizi izan zuen lehen industri aroa.

Jaialdian klasiko bilakatu den Sukaldian ekimenari esker, nazioarteko gastronomiak ere tokia izango du. Parte-hartzaileek herriko elkarte desberdinetan prestatuko dituzte Errenterian errotuta dauden Galizia, Ukraina, Pakistan, Turkia, Venezuela, Ijito Herria eta Marokoko platerak. Ondoren, Foru plazan kokatutako Herrixkan izango da jaki horiez euro baten truke gozatzeko aukera. Aurtean, larunbatean izan ordez, igandean izango da Sukaldian. Bildutako dirua Zaporeak elkartearen proiektuari eskainiko zaio.

Oiartzun ibaiaz gozatzeko paddle surf ikastaroak ere izango dira larunbatean, hilaren 21ean, ordu desberdinetan.

 






Kmon

Licencia de Creative Commons
Lan hau Crative-Commons-en Aitortu-Ez Komertziala-Lan Eratorririk Gabe Nazioartekoa 4.0 delako baimen pean lago




© Gestor de contenidos Gestor de contenidos HagaClic